Gure estankoa familia-tradizio luze baten parte da. Belaunaldiz belaunaldi gurasoengandik seme-alabengana heredatua, 100 urte baino gehiago daramatzagu Hernaniko bihotzean.
Tradizioa Manuel Zubillagak hasi zuen, 1918an estankoa erosi zuenean. Berak, Isabel Echeberria emazteak eta haien seme-alabek orain merkaturatzen ditugunak ez bezalako produktuak saltzen zituzten: haziak, perdigoiak, dinamita, gatza… baita tabakoa ere, noski.
Nicolas seme bakarra 1936an hil zen eta titulartasuna Carmeni, azken horren alargunari, eman zitzaion. Carmenek hartu zuen, beraz, agintea, harik eta 1952an Manuelen alaba Angelitaren esku geratu zen arte.
1972ra arte berak eraman zuen negozioa, Sandalio Landaribar senarraren eta seme-alaben laguntzarekin. Urte horretan utzi zion Arantxa alabari, egungo jabeari, eta azken 50 urteetan bera arduratu da estankoaz, Kepa senarrarekin eta semearekin batera.
Arantxak eta Kepak etorkizunean izango duten erreleboa bermatuta dago Yon semearen bidez, negozioan familiaren laugarren belaunaldia izango dena.
1818tik
Urte hauetan guztietan, Hernani eta bertako biztanleak funtsezkoak izan dira gure estankoan, haiek gabe ezinezkoa izango baitzen horrelakorik. 2018an omenaldia egin ziguten gure 100 urteko ibilbideagatik, gure jendearen maitasunak eta berotasunak emozioz bete gintuen egun batean.
Hernani, eskerrik asko guztiagatik! Ehun urte eta askoz gehiago zuekin.
Gure estankoa Hernaniko eraikinik enblematikoenetako baten beheko solairuan dago: Portalondo izeneko dorretxe gotiko-errenazentista. Haren jatorriari buruz eztabaida dago; ziurrenik, XV. mendearen bigarren erdian moztu zioten goiko solairua.
Erdi Aroan herriguneak harresi luze bat zuen, herria babesten zuten bost portalez osatua. Litekeena da horietako batean, mendebaldeko portalean, egotea gure dorretxe handia. Hortik datorkio izena, Portalondo.
Datu bitxi gisa, bisitan bazatozkigu, gure fatxadetan ojiba-arkuz errematatutako leiho bikiak eta garai hartako hiru gezileiho aurkituko dituzu. Gainera, hormek 120 cm-ko lodiera dute.
Hau 1919ko urtekaria da; bertan, Hernaniri dagokion atalean, gure estankoa lehen aldiz agertzen da, duela mende bat baino gehiago.
Espainiako Urtekari Nagusia Bailly-Bailliere eta Riera Reunidos, (1912-1978). Hemeroteka digitala (f. or.). Espainiako Liburutegi Nazionala.